Usuario:IratiAranbarri/Taller

De Wikipedia, la enciclopedia libre

Erdi Aroko Nekazal Matxinadak[editar]

Erdi Aroan, feudalismoan murgildutako Europan, nekazalgoaren eskutik emandako hamaika gatazka jasotzen dira. Hauen artean, matxinada zein iraultza gisa definitzen diren altxamenduak aurkitzen dira.

Nekazalgoaren erresistentziaren lehen adierazpenak, Goi Erdi Aroan agertzen dira, feudalizazio progresiboaren eta mendekotasun harreman-feudalen orokortzearekin. Erdi Aro Betean, XI. eta XIII. mendeen artean, nekazal erresistentziak forma berriak hartu zituen. Eguneroko erresistentzia pasiboa (hala nola, zerbitzuen arbuioa eta jabetza-eskubidea hobetzeko ekintzak), emigrazioa eta ihesa zein altxamendu eta gerra eszenatokiak biltzen zituen. Behe Erdi Aroan ordea, jauntxoen presioaren aurrean nekazal erresistentziak zuen indarra, modu erabakigarrian areagotu zen.

Apaiza, gerlaria eta nekazaria, Erdi Aroko hiru ordenen ordezkariak.

Erdi Aroko nekazal altxamenduak, feudalismoaren garapenaren testuinguruan kokatu behar ditugu. Feudalismoa sistema politiko, ekonomiko eta soziala da, behintzat XI-XVIII. mendeetan Europan indarrean egon zena. Nekazalgoaren lanaren etekinen konfiskazioan, maiz indarkeria bidez buruturikoan, oinarritzen zen eta, menpekotasun-sareaz (basailutza) zein sare-sistemaz (feudoak) klase menperatzailearen baitako horien birbanaketa bermatzen zuen erregimena da[1]​.

Feudalismoaren baitan, bi agente nagusi banatzen dira: nekazariak eta jaunak. Hauek sistema feudalean gorpuzten zituzten interesak kontrajarriak zirelarik, tentsioa eta bortizkeria etengabekoak izan ziren Erdi Aroan zehar. Halaber, XIV. mendeko feudalismoaren krisiaren testuinguruan, hura areagotu zen, erresesistentzia bide anitzei atea irekiz.

Gatazkaren Motore: Feudalismoaren krisia[editar]

Desoreka sozial zein ekonomikoek eta izurrite beltzak eragindako hondamendi sanitarioa, modu batera edo bestera, lotuta egon ziren XIV. mende osoa astindu zuten gatazkekin. Krisiaren faktore aipagarriak dira, besteak beste, nekazal krisia, zeinak bai nekazari zein jaunengan ondorio kaltegarriak izan zituen. Bestetik, botere feudalaren krisia eta jaunek galerak ekiditeko egin zuten ahalegina, mendeko nekazariengan presioa handiagotzea ekarri zuena. Jaunen ahaleginen artean, zama fiskalaren areagotzea dugu. XIV. mende erdialdetik aurrera zerga errealitate instituzional bilakatu zen. Jakina, geroz eta konplexuagoa zen estatu aparatua finantzatzeko balio zuen. Aldi berean, gerra finantzatzeko ere baliatzen zen. Izan ere, jaun sarrerak murriztu zirelako, jaunek ezinbestean bilatu behar zituzten diru-iturri berriak. Nekazarientzako, XIV. mendean eta gerra garai latzetan, zergak kostu handia suposatu zuen.

Heriotzaren garaipena, Pieter Brueghel (1562)

Testuinguru ekonomiko eta politiko horretan, tentsio soziala areagotu izan zen Europako landa eremutan. Hain zuzen, nekazariak mendeko egoera juridikoetan edukitzeko presioa etengabea izan zen XIII. mendetik aurrera, jaunei nekazarien lana edo ekoizpena esplotatzeko bidea ematen baitzieten. Halaber, ordena hierarkikoari eustea ere, bazen presio horren helburua, eta berrestea nekazariek egon behar zuten gutxiagotasun-estatusa. Errenta edozein zela haren forma, nekazarien estatus juridikoarekin lotuta zegoenean, geroz eta astunagoa izateko joera zuenean, protestek izaera kolektiboa hartzen zuten. Tokian tokiko prozesuak eta altxamenduak dira horren seinale.

Nekazarien eta jaunek bi interes talde ezberdin osatzen zituzten, elkarren kontrakoak. Tentsio- eta gatazka-egoera etengabean bizi ziren, beren helburuak elkarrengandik aldentzen zirelako. Hala nagusiak beren menderakuntza seinaleak ugaritzen saiatu ziren, baita menderakuntzatik jasotzen zituzten errentak handitzen ere. Mendekoek berriz, beren estatusa hobetu nahi zuten eta beraz, beren bizi-baldintza materialak ere. Kontraesan honek (modu baketsuan konpon ezin zitekeena) gatazkarako baldintzak jarri zituen, erresistentzia ekimenetan gauzatzen zena.

Erresistentziaren agenteak: Nekazalgoa[editar]

Monotoniak eta nekazarien bizitza sozial eta produktiboaren aniztasun ezak, portaera eta pentsamendu tradizionalaren iraupena bultzatzen zuten. Nekazalgoa ingurumen naturalarekin sinbiosian bizi zen, ortzimuga bizileku zuten landa eremuan kokatzen zen eta bizitzaren garapen osoa naturak determinatzen zuen (denboraren ulerkera ziklikoa...)

Estratifikazioa[editar]

Erdi Aroko landa-eremuko gizartea, maiz berdintasunaren, harmoniaren eta bizitza kolektiboaren babesleku gisa definitu da. Aitzitik, ez zen gizarte homogeneo bat, zeinetan estatus bereko nekazariek zeregin komunitarioak norberaren onuraren gainetik kokatzen zituzten. Erdi Aroko nekazalgoa sakonki estratifikatua[2]​ zegoen. Goi-geruza bat dago, lurjabe handiak, herriko gizartearen baitan buruzagitza posizioak dituena. Geruza mehe honen azpian, erdi mailako nekazariek osatzen duten estratua diru-sarreren oinarri urria baina familia mantentzeko adinakoa duena. Azkenik, behe mailako biztanleria masa zabala kokatzen da (esplotazio txikien jabeak, jornalariak, lursailik gabekoak...). Gainera, nekazalgoaren artean estatus juridiko ezberdina zuten giza-taldeak bereizten dira: nekazari libreak[3]​ eta morroiak.

Kohesioa eta lankidetza[editar]

Nekazal komunitatea beraz, ez zen kohesionatutako talde bat. Ekoizpen sistema indibidualistak (familia unitatean ardazten zena) jarraibide orokorren mende jartzen zituen komunitateko kideak, eta, aldi berean, ezberdintasunen eta gatazken iturri zen. Nekazarien eta jaun feudalen arteko antagonismoak elkartasunerako faktore zen, baina estatusaren eta, hortaz, eskubide zein betebehar desberdinak zituzten taldeen arteko banaketak isolatzen zituen. Herriari eta bere inguruari balio afektibo asko aitortzen zaizkio, hala nola segurtasuna eta espiritu komunitarioa, hiri handietako bizitzaren anonimotasunari eta bakardadeari gogor kontrajartzen zaizkionak. Herriaren jatorria ordea, lankidetza ekonomikoaren beharretatik abiatzen da, udalari laborantza-lurren eta basoen ustiapen erregular ahalik eta eraginkorrena lortzeko hainbat erabaki delegatzen zaizkiolarik.

Erresistentzia[editar]

Nekazalgoaren eskutikako gatazkek, hurak beste gizarte-talde batzuekin dituen harremanen berri ematen digu. Batetik, maila ekonomiko zein soziopolitikoan menderatzaile dituen horiekin eta bestetik, bere berdinak direnekin.

Erresistentzia eskubidea[editar]

Nekazarien erresistentzia-eskubidea zilegi zen jaunek ez zutenean gizabanakoak eta herria babesteko bere rol tradizionala betetzen . Jaunen babesa zen nekazalgoak eguneroko jarduera aurrera eraman ahal izateko berme. Erdi Aro Betean ordea, argi geratu zen jaunek euren esku zeuden kontrolerako mekanismoak nekazalgoaren kondizioa larritzeko tresna bihurtu zela.

Erresistentzia-eskubidearen gaiak lotura estua du indarkeriaren erabileraren auziarekin. Erdi Aroan, indarkeria gizarte honen balore-kodea hausten denean lehertzen da. Izan ere, Erdi Aroko gizarteak ordena lehenesten du, ordena lurtarrak zeruko ordenaren isla izan behar baitu. Indarkeriak ordena suntsi dezakeen bezala, indarkeriazko beste ekintza batek berrezarri dezake.

Erdi Aroko gizartea eta bortizkeria[editar]

Erdi Aroko lege-sistema ia erabat araudi idatzitik kanpo dago. Legeak ez ditu argi eta garbi ezartzen alderdien eskubideak eta betebeharrak. Ohiturak eta usadioak zehazten zituen jarduera juridiko feudalaren funtsezko alderdi guztiak. Baldintza horietan, "indartsuenaren legeak" nagusitzeko aukera asko zituen. Auzitegi baten aurrean eta legearen bidez behar bezala konpondu ezin zen guztia ezpataz konpontzen zen. Jaun boteretsuek ez zuten eskubidea errespetatu nahi, eta indarrez jotzen zuten aldeko erabakirik espero ez zutenean. Baina ez dago inolako oinarririk. Erdi Aroan indarkeriak bizitzaren alderdi oro determinatzen zuela baieztatzeko.

Erdi Aroan, zalantzarik gabe, gehiegizko indarkeria zegoen. Baina indarkeria ez da gizarte hau eraikitzeko oinarria. Menderakuntza bitartekoak ez ziren indarkeriara mugatzen, hegemonizazio ideologikoa zen armarik indartsuena, alienazioa hain zuzen ere. Gizarte guztietan, eliteek indarkeriara jotzen dute jendetzaren artean obedientzia inposatu behar dutenean, eta, era berean, zapalduek indarkeriazko ekintzekin erantzuten dute esplotazioa gehiago jasan ezin dutenean.

Biziraupenerako erresistentzia[editar]

Nekazarien erresistentzia, hil ala biziko kontua zen. Zuzenean zehazten zuen eskuragarri zegoen janari kopurua. Erresistentziaren arrakastak ahalbidetzen zuen irabaziak nekazaritza materialetan berrinbertitzea, baita abereetan eta lurretan ere. Jaunak, biziraupenetik eta ustiategiaren hobekuntzatik haratagoko guztia bereganatzeko joera zuen.

Erresistentzia ahalegina, biziraupenerako ahalegina zen R.Hiltonen hitzetan: “... nekazaria klase-kontzientzia maila batera hurbiltzen da une jakin batzuetan, jaunaren bidegabekeria sentitzen duenean, zeinak errentak igo eta bere estatusa degradatzen duen, eta, beraz, ohiko konformismoaren gaindipen partziala ematen da, biziraupen mekanismo huts baten ondorioz”.

Klase kontzientzia[editar]

Honek ordea, ez du esanahi nekazal altxamenduek erradikaltasun falta zutenik (ikus 1381ean Ingalaterrako matxinadan ohiukatzen zena: "Cuando Adán cavaba y Eva hilaba,quién era el señor?") baizik eta nahiz eta propietate antisistemikoak erakutsi, ez baitzen ekintza kolektibo erregular batean edo mugimendu politikoetan islatu.

Izan ere, nekazariak, ezinbestean, harreman erreal gisa ikusten du esplotazioa: jaunak bere lanaren zati bat aldizka osten duela eta, bere gutxiagotasun-egoera ez ezik, hura sortzen duen mekanismoa ere antzeman dezakeen heinean, kontzientzia kritiko disidente bat bihurtzen da. Gainera, gizarte feudaleko korporazioak, eskubide desberdinak izan arren, kideen berdintasun-printzipioan oinarritzen zirela. Taldeen barruko gizarte-loturak ez dira bertikalki ezartzen (basailuen eta jaunen artekoak bezala), horizontalki baizik. Horrek batzen ditu beren eskubide eta interes komunen defentsan, kanpoko indar baten eraso ororen aurka.

Matxinada eta Iraultza[editar]

Nekazarien aldarrikapenek ez zuten sistema zalantzan jartzen. Nekazariak klase nagusiaren balioak barneratu zituen, bere horretan klase gisa egikaritzeko zituen zailtasunak medio. Izan ere, feudalismoan lanaren besterentzea modu esplizituan hautematen bada ere, nekazaria jaun partikularraren aurkako kontzientzia kritikoaz blaitzen da eta adierazpen singular hori kolektibo baten errepresentazio bihurtzeko ezintasunean, ez du oposizionismoa klase kontzientzia bihurtzen.

Aipagarria da, nekazalgoak ez bezala, aurkari zuten eliteak (kapitala izateaz gain) aliantzarako eta koordinaziorako baldintza objektiboak zituela. Batik bat, nobleen mugikortasun fisikoa, haien aliantzak eta fideltasun basallatikoa, leinuen kohesioak, eta kultura-balio komunetan parte hartzea aipatu beharko lirateke. Soziabilitate-praktika horiek nobleen pertzepzioaren mugak zabaldu behar zituzten, nekazarien bizitza lokalizatuaren kontrara.

XIV. mendean zehar, mugimendu espontaneo eta biolentoak lehertu ziren, baina hauen gehiengoak ez zuen gorpuzten ordena inposatuaren aldaketa estrukturalik, iraultzarik egon zen arren. Matxinadak ez dute zertan iraultzan amaitu behar, baino iraultzak beti jaioko dira matxinadatik (ezinegon soziala eta biolentziaren eztandatik hain zuzen ere). Iraultzak ordena sozial eta politikoa errotik transformatuko du, ez ordea, menderakuntza bitartekoen erreforma edota status quo-aren gidaritza duen talde soziala ordeztea.

Nekazal Mugimenduak[editar]

Nekazarien komunitateek Erdi Aroko gizarte-historian zuten elkartasuna, bereziki XII. mendetik aurrera, kanpoko mehatxuen, inbasioen edo zapalkuntzen aurkako defentsa-neurri gisa agertzen zen. Hala ere, galdera bat sortu da: ea elkartasun hori kanpoko presiopean bakarrik zegoen. Historialari batzuek iradokitzen dute nekazarien komunitateak beren nortasunaz jabetu zirela zerbitzuetarako jaunek antolatzen zituztenean, Elizak hamarrenak ordaintzeko eta erregeak zergak ordaintzeko. Nekazari-klasearen larritasun-gune soziala lurjabe ziren familietan zegoen, eta, haien interesek klase osoaren susmo nagusiak zehatz zitzaketen arren, hipotesi horien adierazpen argia mugatua zen, nekazarien artean oro har zegoen analfabetismoa zela eta.

Gizon libreen testuinguruan, lurrik gabeko laborari edo minifundista askok, jaun eta nekazari aberatsen menpekoak izan arren, bazirudien zama gutxiago jasaten zutela askatasunik gabekoen aldean. Hala ere, nekazarientzako babes eraginkorrena, haien estatus soziala edozein izanik ere, tokiko komunitateen ekintza komunaren indarretik zetorren. Kontzientzia kolektiboa hartzea izan zen nekazarien mugimenduen abiapuntua, mugimendu baketsuak edo bortitzak izan.

Nekazarien mugimenduei buruz hitz egiten denean, nekazariek klase gisa dituzten helburu espezifikoak lortzeko baterako ekintzari egiten zaio erreferentzia. Horrek baztertu egiten ditu hobetzeko banakako saiakerak eta nekazariek beste klase batzuk buru dituzten mugimendu sozial, politiko edo erlijiosoetan parte hartzea. Arazoak Behe Erdi Aroko nekazarien mugimenduak aztertzean sortzen diren arren, non gutxik klase bakar baten interesak soilik islatzen dituzten, beste gizarte-talde batzuekin hitzartutako ekintza bakar bat ere ez da "nekazarien mugimendutzat" hartzen, non eta ez duen aldaketarik bilatzen nekazariek klase gisa duten posizioan.

Aurrekariak: Lehen Mugimenduak[editar]

Nekazarien protestaren lehen elementuak nekazariek familiaren lana ustiategiaren laborantzan ahalik eta gehien erabiltzeko eta lan horren emaitza ahalik eta gehien familiaren eskura mantentzeko egindako ahaleginen ondorio zuzena izan ziren.

Nekazarien familiaren eskulanaren jarrera askea, Erdi Aro osoan zehar, gatazka askoren muinean aurkitu zen gaietako bat izan zen. Hala ere, nekazarien ekonomiaren — eta, jakina, pentsamoldearen — beste ezaugarri bat lurraren jabeek, tarteka, nekazarien familiekin izan zituzten borroken arrazoia izan zen. Lur komunak eskuratzeko eskubideari buruzko eztabaidak luze iraun zuten.

Bestetik, nekazariek beren egoera hobetzeko aukerak zituzten, merkaturako produkzioari esker, eta behin eta berriz errentamendu-kontratuak hobetzea eskatzen eta lortzen zuten. Egoera horretan, enperadorea saiatu zen, gutxieneko neurri gisa, ziurtzat jotzen nekazariek gutxienez beren mendekotasuna onartu behar zutela, jaunari esker ona adierazteko urtero penike bat ordainduz. Enperadoreak zorrotz adierazi zuen eliz lurraldeetako joputzak, bereziki, ez zirela askeak izango, ezta bere jaunak askapena emango balie ere. Baina marea bortitz baten aurka borrokatu besterik ez zuen egiten, nekazarien askatasunaren historian hainbat eta hainbat aurrerapen eta atzerapauso gertatu baitziren Erdi Aroan zehar.

Morroiek edo esklaboek askatasunaren onurak eskuratzea ez zen izan, inola ere, nekazarien mugimenduak eragin zituen arrazoietako bat, ez behintzat hemen interesatzen zaigun zentzuan, hau da, nekazariek beren status ekonomiko, sozial eta politikoa aldatzeko egindako ahalegin antolatuetan.

Behe Erdi Aroko Masa Mugimenduak[editar]

Testuingurua[editar]

XIV. mendean, Europak krisi ekonomiko eta soziala bizi izan zuen, XIV. mendeko krisia edo Behe Erdi Aroko krisia izenez ezaguna. Uzta txarrak, goseteak, Izurri Beltza bezalako epidemiak eta gatazka belikoak bezalako faktoreek eragin larria izan zuten gizartean, eta horrek galera demografiko esanguratsua eta gatazkak eragin zituen landa-eremuetan zein hiri-eremuetan. Krisiak eragin sakonak izan zituen egitura feudalean, geldialdi ekonomiko batekin eta eraldaketa sozioekonomiko batekin. Landu daitezkeen lurren faltak, nekazaritzaren blokeoak eta nekazariak hirietara migratzeak sistema feudalaren kolapsoa ekarri zuten. Epidemiek, batez ere Izurri Beltzak, gizartea are gehiago ahuldu zuten, indarkeria sortuz eta familia-loturak hautsiz.

Nobleziak eta elizak ez zituzten beren mendekoak babestu, eta gizarte-tentsioak areagotu egin ziren. Izurri Beltzaren ondoren, estamentu pribilegiatuek errentak eta ekoizpena eskatu zizkioten hamarreneko nekazari-klaseari, eta horrek laboreak uztea eta ekoizpena eta kontsumoa hondoratzea ekarri zuen. Gerrak eta indarkeria jaunek beren etekinak handitzeko erabilitako tresnak izan ziren.

Fiskalitate publikoaren eremuan, Behe Erdi Aroko krisi handian, jaunek liskar militarrak ordaintzen zituzten beren mendekoei kargak eta zergak gehituz, batez ere landa-eremuetan. J. Strayerren arabera, presio fiskalaren igoera horrek garaiko geldialdia eragin zuen, eta gatazkak sortu ziren errege zergen eta jauntxoek ezarritako zergen artean.

Biziraupen akutuaren krisia izan zen depresio horren eragile nagusia. Jaunek, menpekoen galerak eta diru-sarreren murrizketak eraginda, kredituetara jo zuten, zorpetuz eta nekazarienganako kargen bilketa handituz. Horrek nekazarien matxinadak ekarri zituen, jaunen aurrean zuten egoera hobetzeko asmoz.

Depresioa hasi zenetik, jauntxoak nekazariak kontrolatzen saiatu ziren, morrontza gogortuz eta zergak ezarriz. Gatazkak sortu ziren jaunek errentagarritasuna handitzeko eta nekazariek presio fiskalari aurre egiteko eta soldata altuagoak lortzeko zituzten asmoen artean.

Garai bateko ordena sozio-politikoa hautsi ahala, tirabirak eta gatazka sozialak sortu ziren. Nekazariek, presioa gorabehera, erresistentzia-mekanismoak garatu zituzten, hala nola presio komunitarioa. Depresio handiak ezarritako ordenaren hausturaren hasiera markatu zuen, miseria, presio fiskala eta elikagaien prezioen igoeragatik areagotu ziren protestekin.

Gizarte-nahigabea ez zen bakarrik erregeengana zuzendu, baita haien kontseilari eta ordezkariengana ere. Zalditeriari bere konpromiso militarrak ez betetzea eta nekazariei babesa ez eskaintzea leporatu zioten.

Aitzitik, Behe Erdi Aroan, erradikalismo kristauak eta jazarpen erlijiosoak, hala nola husitak Bohemian, gatazka sozialen topiko garrantzitsu bihurtu ziren. Europa mendebaldean zehar, erlijio-ordenari desafioak sortu zitzaizkion kristautasunaren dibergentziaren eta talde heretikoen iraunkortasunaren ondorioz. Erlijio-asaldura bat etorri zen krisi ekonomikoarekin, gizarte-matxinadekin, gerrekin, epidemiekin eta Elizaren desprestigioarekin 1378-1417ko Zisman.

Mugimendu erlijioso hauek antzinako ordena klerikala kentzea bilatzen zuten, Bibliaren interpretazio askearen, Elizaren gehiegizko zergen amaieraren eta elizgizonen bizimoduaren sinpletasunaren alde eginez. Predikariek berebiziko garrantzia izan zuten ideia horien hedapenean, eta landako eta hiriko gizartearekin konektatu ziren bidegabekeria eta axioma sozialak agerian uzten zituzten diskurtsoen bidez, nahiz eta gehienek eduki iraultzailerik ez izan.

Pizgarriak[editar]

Behe Erdi Aroko nekazarien mugimenduen ezaugarri bereizgarria haien irismen handiagoa da. Hiribildu ugari dituzten eskualde osoek horietan parte hartzen dute, eta dauden harreman politiko eta sozialak iraultzen dituzten helburuak aldarrikatzen dira, edo, behintzat, nekazarien ekintzetan inplizituak daude. Hedadura handiago hori, neurri batean, Estatuaren antolaketaren hazkundearen ondorio izan zen, zalantzarik gabe. Horren ondorioz, garai honetan errenten kargak bezain garrantzitsuak ziren zerga-kargek presio uniformea eta orokortzailea eragin zuten eremu geografiko zabaletan. Faktore hori kontuan hartu behar da, jakina, tokiko isolamenduaren hausturaren testuinguruan, komunikazioen eta merkataritzaren garapenari esker eta eskualde- eta nazio-eremuko jurisdikzioen gero eta irismen handiagoari esker.

Behe Erdi Aroko nekazarien mugimenduen horizonteen zabaltasun handiagoa adierazten duen beste alderdi bat ondo ikus daiteke ideien eta pentsamolde sozialaren esparruan. Jada XII eta XIII. mendeetan, eta baita aurreko garaietan ere, masa-mugimenduak gertatu ziren, eta, horietan, landako eta hiriko plebeioek zeregin autonomoa izan zuten neurri batean, baina neurri bateraino bakarrik, mugimendu horien helburuek ez baitzuten harreman espezifikorik nekazari edo artisau izatearekin. Horien indar ideologikoa erlijiosoa zen. Azken higidura hauek korronte heretikoen forma ezberdinetan gorpuztu ziren, hauek gurutzada ezberdinetan gorpuztu ziren bitartean.

Gurutzada herrikoiak masen higidura heretiko batzuekin konpara daitezke, ez bakarrik beren konposaketa plebeioagatik, baita biek partekatutako ideia batzuengatik ere. Gai gutxi batzuen inguruan aldaketa amaigabeak izan zirela dirudien arren, oinarrizko bi ideiak pobrezia goraipatzea eta munduaren amaieraren etorreran sinestea ziren. Milurtekoaren amaieraren etorreraren sinesmen herrikoia gaixotasunek, uzta txarrek, eskasia garaiek, uholdeek, lehorteek eta Erdi Aroko ekonomia atzeratuari tarteka eragin zioten gainerako hondamendi naturalek eragindakoa zela esan izan da[4]​.

Bestalde, ez da nahikoa frogatzea nekazariek eta lurjabeek interes kontrajarriak zituztela gizarte-produktua banatzerakoan, eta, beraz, nekazariek joera nabarmena zutela errentak eta zerbitzuak ez ordaintzeko eta jaunekin gatazka juridikoan, eta batzuetan baita politikoan ere, sartzeko. Klase zapaltzaile baten eta beste klase zapaldu baten arteko antagonismo naturala baino zerbait gehiago izan behar da, beraz, bi aldeetako partaideei sarritan gauzen «ordena naturalaren» haustura iruditu zitzaizkien mugimenduak azkartzeko arrazoia.

Masa-mugimendu garrantzitsuenetako batzuen kausa zuzenak gobernuen edo lurjabeen ekintzak izan ziren, edo biak batera, ohiko harremanen egoera aldatzera edo ohiko itxaropenei huts egitera etorri zirenak, oro har nekazari aberats zein pobreen kaltetan. Karga astunegia, errekisa-agindua edo kontzesio baten ezeztapena berez altxamendua eragiteko arrazoi nahikoa ez baziren ere, kontua da hala izatera iritsi zirela kontuan hartu ditugun eremu geografiko bakoitzean gertatzen ziren harreman sozial tirabiratsuen testuinguruan. Nekazariek, oro har, itxuraz kontserbadorea zen ikuspegitik ikusten zuten tentsio hori[5]​.

Aliatuak[editar]

Nobleen buruzagitza nekazari-taldeen gainean, nahiz eta bereziki nekazarien helburuak lortzeko borroka izan, ez zen uste bezain arraroa. Hala eta guztiz ere, ez da gehiegi baloratu behar noblezia txikiak nekazarien mugimenduetan egindako lana. Aurreko garaietako testigantzak ugariak dira eskala txikiko mugimenduen nekazarien buruzagitzari buruz, eta buruzagien harrobi hori ez zen inoiz agortu.

Nekazarien eta plebeioen mugimenduetako buruzagien beste harrobi oparo bat kleroa izan zen, batez ere behe-kleroa. Oro har, kleroaren presentzia ohikoagoa da mugimenduek berehalako eskaera sozial eta politikoen asebetetze hutsa gainditzen duten edo zapalkuntzaren ondoriozko erresuminaren adierazgarri diren helburuak adierazten dituzten lekuetan.

Behe Erdi Aroko nekazarien mugimendu bakar bat ere ez zen "garbia" izan nekazari klasetik etorritako errebeldeez soilik osatua egotearen zentzuan. Nekazari-komunitate bat ez zen, inola ere, nekazariz bakarrik osatua, baizik eta bertan artisauak, merkatari txikiak eta beste kide batzuk ere bazeuden, eta haien lana ezinbestekoa zen komunitate horren funtzionamendurako.

Nekazal Matxinada Garrantzitsuak[editar]

Le Grande Jacquerie

Nekazal matxinada ezagun eta garrantzitsuen artean, aipatu beharrekoak dira: Lehenik  Frantziako nekazarien 1358ko altxamendua, Le Grande Jacquerie gixa ezagutzen dena. Iparraldean eman zen eta krisi ekonomiko politiko orokortutak sortutako tentsio testuinguruak bultzatu zuen, Ehun Urtetako gerran garatu zelarik. Oro har, nobleziaren gehiegikeriak salatu ziren eta bortizkeria maila altuak eman ziren. Bestalde, aipatzekoa da 1381ko altxamendu ingelesa, hego-ekialdeko zenbait eskualdeetan eman zena. Honakoak magnitude handia erdietsi zuen (60.000 - 100.000 parte hartzaile, hiritar sektore batzuk barne) eta oro har morrontzaren eta zamen aurka gogor egin zuten, soldaten mugak salatu eta elizaren gehiegikeriak salatu ziren. Erreferentzia ezinbestekoa Erdi Aroko  nekazal altxamenduetan.

Hustarren Iraultza[editar]

Hustarren iraultza matxinaden markoa gainditu zuen maxinada izan zen, testuinguru konplexu eta zabal batean eman zena Bohemian, Pragan zehazki.  Honakoa krisi testuinguru batean eman zen, XV mende hasieran, eta konponente erlijioso-politikoz inguratuta, hustar gerrak eman ziren Bohemiako erresuman. Garai honetarako, biztanleriaren gehiengoa nekazal mundukoa zen eta biziraupeneko ekonomia zen orokortuena. Aurreko mendeko krisiak gogor kolpatu zuen gune hau, izurrite beltzaren eraginak gogorrak izan ziren, erorketa demografiko bortitz eta atzerakada indartsua ekarriz. Beste faktore bat lurraren gaineko boterearen inguruko gatazkak ziren, krisi garaietan areagotu zirenak, jaun tradizional, erregearen eta elizaren artean. Krisia orokortu zen eta nekazari eta pobreen bizi baldintzak kritikoak bilakatu ziren. Txanponen debaluazioarekin batera (zeina bereziki nekazari eta pobreek pairatu zuten, haiei ematen baizitzaizkien balore urrienekoak), konpentsazio bidea zergak eta zama fiskal handien inposaketa azkarra izan zen, nekazarien gaineko presioa ikaragarri areagotu zuena, talde pribilegiatuek abantaila ekonomikoei eusteko gaitasuna izan zutelarik orokorrean[6]​. Testuinguru ezegonkorrean kontuan hartu beharrekoa da elementu nazionala, Kolono alemandarrak eta euren botere posizioarekiko errefusa orokortua eta horren eskutik identidade nazionalaren garapenerako lehen adierazleak eman ziren. Bestalde, faktore erligioso-soziala ere kontuan hartu beharrekoa da, nekazalgoarengan honen alor teologikoa baino, alor moral-sozial eta politikoak pisua hartu bazuen ere.

Juan Hus, nekazal jatorrikoa zen eta J. Wychliff zein beste erreformisten eraginetatik edan zuen. Berak zioen orokorrean eliza ez zetorrela bat bere betebeharrekin eta ez ziela erantzuen kristau fidel komunitateko kideei mesede egiten, are gehiago, euren gehiegikeriak hauen aurka egiten zutela. Elizaren gehiegizko autoritatea eta hierarkia salatu zuen, eta horrekin bat egin zuten nekazariek ere. Interes asko zeuden ordea elizaren gehiegikerien aurka, jaun eta bestelako lurjabeenak hain zuzen ere. Elizaren dogma, hierarkia eta gehiegikeriak salatzeaz gain, simoniaren aurka egin zuen, karguen salmentaren aurka (elite itxi eta boteretsuaren gehiegikerien aurka hain zuzen ere).

Jan Ziska bandera eskuetan duela.

Bere sermoiak eta hauen edukiak azkar hedatu ziren, nekazal klaseen artean ere. Bortizkeriaren eta altxamenduaren pizgarria Husek jasandako kartzela eta ostera heriotza zigorrak izan ziren. Husek jarraitzaile kopuru handia zuen eta bere erailketak haserrea piztu zuen eliztar elitearen aurka eta altxamenduak burutu ziren, hiri eta nekazal guneetan. Laister bitan banatu ziren, moderatuak eta erradikalak (taboristak). Eskakizun orokorretaz gain (txekierazko predikazioa, komunioa ogiz eta ardoz, elizaren aberastasunen jaitsiera, bekatuen barkamen publikoa) taboritek eskakizun sozio-ekonomikoak burutu zituzten, nekazalgoaren artean atxikipena sortu zutenak: Jaurgo eta ondasun pribatuen ezabapena, klase ezberdintasunen ezabapenarekin batera. Kristautasun primitiboaren aldarrikapena, ondasun materialen ukapena etab. beste alde batetik. Gidari politiko militarra Jan Ziska izan zen eta taktika militar berriak ezarri zituen. Bost gurutzaden ostean, 1433-34an azken guduak eman eta bakeak sinatu ziren.

Elizako erreformarako bidea ireki zen, euren identidadea sendotu zuten hustarrek eta garaituak izan arren, pisuzko aldaketak eman ziren Bohemian. Alemandar kopurua gutxitu zen eta elizak jaurgo asko galdu ziteun, noblezia eta burgesiaren eskuetan erori zirenak maiz. Hau horrela, hustarren iraultzaren elementu bereizlea da koalizio sozial handia edo klase sozial ezberdinen kolaborazioa, elizaren jabetzen eta gehiegikerien aurka. Hau da, ez zen klaseen arteko gerra izan bere horretan[7]​. Nekazari asko eta asko batu ziren, eta kasu askotan ejerzitoen oinarria osatu zuten. Hauentzat, Tabor hiriak garrantzia handia izan zuen. Hain zuzen ere, hustarren aurkakoek hustar mugimendua kritikatzeko erabili zuten nekazarien parte-hartze zabala. Deigarria da bide batez, iraultzaren ikurretako bat uzta arrastelua izan zela.

Erreferentziak[editar]

Aipuak[editar]

  1. Bonnassie, P., & Bonnassie, P. (1994). Erdi aroko historiarako berrogeita hamar hitz nagusi (Ser. Pentsamendu garaikidea, 2). Gaiak.
  2. Nekazalgoaren estratifikazioa bultzatzen duten faktoreen artean, bost nabarmendu behar dira: lehenik, lurraren hornidura; bigarrenik, askatasun- eta morrontza-egoera juridikoak; hirugarrenik, nekazariek merkatuan parte hartzeko diten aukera; laugarrenik, nekazaritzaren sektoretik kanpo diru-sarrerak jasotzeko aukerak; bosgarrenik, nekazaritzaren herentzia-ohiturak. Bost faktore horiez gain, nekazaritzaren estratifikazioan eragina duten beste indar batzuk ere kontuan hartu behar dira, hala nola, nekazaritzaren aurrerapena, nekazaritza-egoeraren bilakaera eta inguruko hirietara emigratzeko aukerak. Azken horiekin, emigrantearen egoera hobetzeaz gain, landa eremuan mantentzen zen nekazalgoaren egoera juridiko eta ekonomikoa hobetzen zuen.
  3. Askatasunak, Erdi Aroan, antzinako gizarteaz edo garai modernoez bestelako edukia zuen. Askatasun hori ez zen askatasun faltaren eta mendekotasunaren antitesi hutsa. Gizarte feudalean ez zegoen gizabanako erabat independenterik. Gizarte honek ez du subiranotasun osoa eta behin betikoa ezagutzen. Gizarte feudaleko kide guztiak norbaiten menpe zeuden, nominalki bakarrik bazen ere. Hala ere, gizartearen hainbat geruza juridikoki asketzat jotzen ziren. Horregatik, gizabanakoaren boterea ez zegoen bere ondasunen menpe, bere eskubideen menpe baizik. Erdi Aroko gizarteak askatasun eta mendekotasun maila ugari ezagutzen ditu. Askatasuna handiagoa edo txikiagoa izan zitekeen, gizabanako jakin batek zituen eskubideen arabera.
  4. HILTON, R., Siervos liberados: los movimientos campesinos medievales y el levantamiento inglés de 1381; Madril, Siglo XXI Editores, 1985
  5. HILTON, R., Conflicto de clases y crisis del feudalismo; Bartzelona, Crítica, 1988
  6. J. Klassen, (1990). The disadvantaged and the Hussite revolution, en International Review of Social History, pp. 249-272.
  7. Macek, Josef (1975). La revolución husita: orígenes, desarrollo y consecuencias. Editorial Siglo XXI.

Bibliografia[editar]

  1. Astarita, C. (2000), “¿Tuvo conciencia de clase el campesinado medieval?”, Edad Media: revista de historia, 3. Ejemplar dedicado a: Los conflictos sociales en la Edad Media: balance y perspectivas, pp. 89-114.
  2. Bonnassie, P., & Bonnassie, P. (1994). Erdi aroko historiarako berrogeita hamar hitz nagusi (Ser. Pentsamendu garaikidea, 2). Gaiak.
  3. Devia, C. (2014), “Katechon y derecho de resistencia: una aproximación desde la Edad Media.” In COSTA, Ricardo da, SALVADOR GONZÁLEZ, José María (coords.). Mirabilia 21, Cultura en la Península Ibérica medieval y moderna (siglos XIII-XVII), pp. 253-266.
  4. FELLER, L., Nekazariak eta jaunak Erdi Aroan. VIII. mendetik XV.era bitartean. Bilbo, EHU, 2021 [2007]
  5. Fourquin, G., & Fourquin, G. (1973). Los levantamientos populares en la edad media (Ser. Colección básica, 15). Castellote.
  6. Gurevich, A. I., Duby, G., Cazcarra, V., Duby, G., Kriúkova Helena S, & Guriévich Arón. (1990). Las categorías de la cultura medieval (Ser. Taurus humanidades. historia). Taurus.
  7. HILTON, R., Conflicto de clases y crisis del feudalismo; Bartzelona, Crítica, 1988
  8. HILTON, R., Siervos liberados: los movimientos campesinos medievales y el levantamiento inglés de 1381; Madril, Siglo XXI Editores, 1985
  9. Hobsbawm, E. J., Alavi, H., & Alavi, H. (1976). Los campesinos y la política: las clases campesinas y las lealtades primordiales / [por] hamza alavi ; [traducción del inglés alejandro pérez, antonio desmonts ; revisión jesús contreras] (Ser. Cuadernos anagrama, 128). Anagrama.
  10. Klassen, J. (1990). The disadvantaged and the Hussite revolution, en International Review of Social History, pp. 249-272.
  11. Macek, Josef (1975). La revolución husita: orígenes, desarrollo y consecuencias. Editorial Siglo XXI.
  12. MOLLAT, M., eta WOLFF, Ph., Las revoluciones populares en Europa en los siglos XIV y XV; Madril, Siglo XXI, 1989
  13. MONSALVO, J. M., Los conflictos sociales en la Edad Media, Madril, Síntesis, 2016.
  14. RÖSENER, W., Los campesinos en la Edad Media; Bartzelona, Crítica, 199